EHIZA
FEDERAZIOAK EHIZAREN JARDUERARAKO ETA NATURAREN BABESERAKO LEGEDIA EZ
BETETZEAREN ZIGORGABETASUNA GELDIARAZTEA ESKATZEN DIO MUGIMENDU
EKOLOGISTAK ALDUNDIARI
Gipuzkoan,
ehizaren inguruko jarduerak, hala nola ehiza-postuen kokapenak nahiz
ehiza-bideak, zigorgabetasunean oinarritutako anabasa eragiten dute
sektore honetan. Gure mendi eta muinoak ehiza-postuez kolonizatuta
daude, NATURA 2000 Sareko 18 leku eta erabilpen publikorako 88 mendiak
barne, horien erabilera nagusia erabat baldintzatuz: habitat naturalen
eta espezieen kontserbazioa bermatzea eta, oro har, Gipuzkoako
bioaniztasuna bermatzea, hain zuzen.
Foru-gobernuak
urtero milaka ehiza-postu baimentzen ditu ehiztari gipuzkoarrentzat,
“kudeaketaz” arduratzen direnak ehiza-elkarte eta -federazioa izanik,
horiei partikularrak lege-arauez at eraikitako ehiza-postu kopuru
garrantzitsu bat gehitu behar zaielarik. Ehiza-postuen
segurtasun-tarteari dagokionez, 2/2011 Ehiza Lege berriaren aurrean,
Aldundiak beste aldera begiratu du eta salbuespenak arau bihurtu.
Ondorioz, gure mendietatik ibiltzean ohikoa da ehiza-postuak topatzea
bide nahiz errepide, aisialdigune edo mendibideen ertzean, postuen
artean gorde beharreko gutxieneko tartea 50 m izanik, eta pista nahiz bideekikoa, berriz, 25 m.
Ohiko
bihurtu da 4x4 motako ibilgailuak topatzea soilik zaintza, sorospen,
suhiltzaile, basogintza eta nekazaritza-lanetarako diren pistetan, baina
ez ordea zerbiztu horienak, baizik eta ehiztarienak, haien
kapritxorako. Zigorgabetasun-jaialdi honetan ez da batere arraroa
mehatxatutako nahiz babestutako espezieak topatzea, ehiza-lekuetan hilda
edo zaurituta, dagokien ikerketa gabe eta errudunen jazarpenik gabe.
Ehiza-denboraldiak irauten duen hilabeteetan, berun pozoitsuaren
isurketa barreiatzen da, eta kartutxo hutsak bertan behera uzten dira
(debekatuta egon arren).
Orduan,
zer gertatzen da? Gure mendietan zigorgabetasuna dela nagusi eta legea
betetzea saihestu egiten dela. Instituzioek gaur egun arte gai honetan
egin dutena elkar hartzea eta baimen emate larria baino ez da, Natura
2000 Sareko guneak kaltetu dituztela. Eta izenik ez duena da Oiartzunen
“ehiza-eskola” bera egotea Ehiza Federazioak foru dirulaguntzei esker
egina, belaunaldi berrien artean ehizarekiko “irrika” zabaltzeko
erabiltzen ari dena.
Honengatik
guztiagatik, Gipuzkoako erakunde ekologistak beste behin ere FORU
ALDUNDIARI ETA MENDI ETA LANDA INGURUNEKO ZUZENDARIARI ESKATZEN DIEGU
zorrotz betearazteko lege berrian hitzartutakoa, ehizarekin lotutako
jarduerak bultzatzeari uztea eta Ehiza Federazioaren nahiz zenbait
eliteren zigorgabetasuna geldi dezala ere:
- Legea hautsiz, bide eta bidezidor homologatu, pista, aisialdi gune eta eraikuntzekiko segurtasun tartea mantentzen ez duten ehiza-postu andana, banan bana desager daitezela egungo ehiza denboraldia bukatzerako.
- Bioaniztasunaren babesaren irizpidea kontuan hartuz Ehiza Legearen presazko arautzea eskatzen dugu, era honetan ahalik eta azkarren argi eta garbi mugatuaz non ehizatu daiteken, gainontzeko lekuetan debekualdia eta babesguneak izendatuz, besteen artean Gipuzkoako Natura 2000 Sareko leku guztietan, Faunaren Segurtasun eta Babeserako Gune berriak izendatuz.
- Era berean, zainketa hobetzea eskatzen dugu basozain gehiago kontratatuz, egungoak ez bait dira nahikoak, baita beste zenbait bide administratiboren esku hartze handiagoaren bidez ere, legea betetzea era koordinatu batean eman dadin bermatzeko.
- Ezkutuko ehizarekin ( basurdea, orkatza, oilagorra, elurteak…) bukatzea eskatzen dugu, zeina Aldundiak orain arte onartu egin duen. Negu honetarako, hotzaldietarako eta fortuna-egunetarako protokolo bat idaztea galdegiten dugu, berau betetzearekin batera gizarte mailako komunikazioa indartuz.
- Beharrezkoa ikusten dugu orain arte ehizarako “ lurralde edo barruti libreak” izan direnetako zenbait alor garatzea. Ehiza Lege berriak ustiapen arrunteko ehiza barrutietan ehiza jardueraren antolaketa beharrezkoa dela dio.
- Gipuzkoako Bioaniztasunaren Kontseilua sortzea eskatzen dugu, zeinak egungo arrantza eta ehiza kontseiluak bereganatuko dituen eta herritarren partaidetza bultzatuko duen,
- Naturaren aurkako hutsegite ekologikoa edo eskuartze larria, esaterako espezie babestuak akabatzea edo tirokatzea, ematen den ehiza gunea ixtea eskatzen dugu, erruduna atzeman arte jarraituz.
- Bukatzeko, ehizaren inguruko eztabaida publikoa irekitzea eskatzen dugu, oinarrizko helburu bioaniztasunaren galera geldiaraztea eta herritarren segurtasuna bermatzea izanik.
Eguzki,Talde antinuklear eta ekologista
Ugatza, ornitologia elkartea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Mutriku Natur Taldea.
Haritzalde
Ekologistak Martxan
Okil Beltza Natur Taldea
Berdeak, Los Verdes
Arkamurka Natur Taldea
Zumaia Natur Taldea
Osina Natur Taldea
No hay comentarios:
Publicar un comentario